XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garazikus elkartea antolatzaile, gaitzeko ederlan erakusketa muntatua da lehen aldikotz, Mendekostekari, Donibane Garazin.

Hiru egun iraunen du, larunbatean hasiz astelehenean bururatzeko.

Hori da Nafarroako arte plastikoen topagunea.

Bi helburu: lehena Euskal-Herriko artixten artean harreman sano batzuen sustatzea, denbora berean harremanak artixta horien eta ederlanak, gaurko moldeetan eginikakoak bereziki, maite dituzten guzien artean.

Bigarrena, Mendekoste asteburuari hats berri bat emaitea Donibane Garazin, ainitz jende biltzen-eta besta-buru horren karietarat.

Alain Bougis-Otheguy, denek ardurago Abo deitzen dutena eta Uharte-Garazin kokatua dena, mintzatu zauku erakusketa hortaz, azpimarratuz 23 margolari ta xixelkari elgarretaratuko direla beraz Donibane Garazin, beren obrak agertuz, bai karrikan berean, bai eta beste asko tokitan, hala nola saltegi askotan, herriko etxean, edo berdin Apezpikuen presondegia deitzen denean: Holako zerbaiten muntatzerat Michel Inchauspé deputatuak gitu pusatu, dio beraz Abo-k. Behin solasean ginauden. Erran zaukun Mendekoste-kari jende ainitz heldu zela Donibanerat bainan deus arrarorik etzela egiten heientzat, kultura-mailean bereziki zerbait egiten ahal litakeelarik. Hain xuxen, ene arrangura, eta aspaldikoa, erakusketa bat ez ote zen egiten ahal, ondo hotako artixtak elgarretaratuz. Horra abiapuntua zoin izan den.

Xede gaitza, dio bere aldetik Jean-Claude Aguerre gazteak, Garazikus elkartearen izenean mintzo-ta. Hiru egunez, hiri guzia erakustegi bilakatuko da. Eta mugaren bi aldetako artixtak hor izanen dira, Lizarra ta Iruñeko batzuk ere parte hartuko baitute. Nafarroako gobernuaren bitartez hel-arazi diotegun gomitari baietz ihardetsi dutenaz geroz... Donibanen berean, herriko etxeak ere azkar laguntzen gaitu, bereziki Jacques Delpech-i esker, Jacques Delpech izanki herriko kontseiluan kultura-sailaz arduratzen dena.

MUGIMENDU GAITZA

Erakusketa bera ez da nola-nahikoa izanen bainan bestalde beztituko da aintzina asko gisetarat: graffe delakoaren sailean ikastaldi bat akulatuko baita; egitaldi batzu beharrak baitira tapiza moldakuntzan eta elektroniko sorkuntzan, solasketa batzu ere ba gaurko ederlangintzari buruz.

Bestalde, oraino mugimendu gehiago izan dadien, bi ikusgarri eskainiko dira, biak Vauban zinegelan: larunbat aratsean, Itsasoa abesbatzarekin, eta igande aratsean Jojo eta Ramuntxo-rekin.

Hiru egun aberats beraz Donibane Garazin, kontseilu jenerala, Akitania lurraldeko batzarra, Euskal Kultur Erakundea, Donibane Garaziko herria eta hiri hortako turismo bulegoa laguntzaile, besteak beste.

Denak untsa joanez, erakusketa hori bi urtetarik egin litake Garazin, beti Mendekoste-kari.

Eta Donjbanen eginen ez den urteetan Lizarran munta litake...